Pagoetako Natura Parkean dago Zarautzen birika. Pagoeta 1998an izendatu zuten natura-parke, eta Aiako, Zestoako eta Zarauzko udal-barrutiek eratzen dute. Kostaren eta barnealdeko ibarren arteko erliebea da, eta hainbat giro hartzen ditu barnean. Horri esker, oso fauna eta flora aberatsa du. Itsas mailatik 700 bat metrora dago garaierarik handieneko gunea; horren ondorioz, haritzek osatzen dute parkean nagusi den landaretza, eta, pagoek, eremu altuetan. Hain zuzen ere, pago izenetik eratorri da parkearen izena –pagadi esan nahi du Pagoeta izenak–, eta pago kontzeptutik Aia herriaren izena bera; izan ere, gaztelaniaz, haya esaten diogu pagoari. Kultura-ondarearen aztarnak oso interesgarriak dira kanpotarren ikuspegitik. Horren adierazgarri da Agorregi burdinola: XVIII. mendekoa da, eta eraberritu egin dute; bisitaldiak daudenean abian jartzen dute, nola lan egiten zuen ikusteko. Halaber, Iturraran baserria dugu, XIV. mendekoa: zaharberritu eta parkeari buruzko informazio- eta interpretazio-zentro bihurtu dute, eta erakusketa iraunkor bat paratu dute han, inguruko baserrietako bizimoduari buruz. Baserriaren inguruan, Iturraran lorategi botanikoa sortu dute: 10 ha neurtzen du eta munduko hainbat lekutako landareen 3.000 taxon ditu; lasai asko paseatuz, bisitatu daiteke. Hitzordua egiteko telefono-zenbakia 943 835 389 da, eta helbidea, www.iturraran.org.